Zer gara. Gure gutun fundazionala

pyrenaeus-1Hirugarren milurtekora bidean, gure lurra hainbat prozesu eta gertakariren oholtza izan dugu, bai gizarte mailako prozesuak eta baita kultura eta politika mailakoak ere, guztiak elkarri lotuak kontraesanean bada ere.

Esate baterako, kooperatibak, edo ikastolen sorrera bultzatu zuen herri mugimendua, edo Gernikako Estatutuaren bitartez (xedapen gehigarriarekin) gauzatu zen autogobernuaren berreskurapena. Gizarte mailan jarduera eta konfiantza handia sorrarazi zuten aktiboak izan genituen. Horregatik, ez da harritzekoa horrelako gizarte batek oso denbora gutxian produkzio sistema modernizatzea eta Europako ekonomia aurreratuenen mailara igotzea. Edo, autogobernu politiko baten itzalean hazi den kultura eta heziketa alorreko askatasunak ahalbidetuta, herri izaera finkatu izana. Edo ongizatezko gizarte eredugarri bat sortu izana.

Izan ditugu kontrako prozesu batzuk ere, aldi berean eman direnak eta gizarte mailan gainbehera ekarri digutenak. Ondorio larrienak karri dizkiguna: ETAren eraso iraultzailea, sistema kapitalistaren kontrako borrokan euskal herria “kainoi-bazka” gisa jarri baitu. Baina, gure gizarte kapitala higatu duten arrazoien artean, aipa genitzake baita ere gehiegi burokratizatu dugun administrazioa, edo Euskadiko finantza alorreko erakunde adierazgarrienek erroak galdu izana.

Marko honen barruan lehertu da krisi sakon hau, euskal gizartean funtsezko eragina izaten ari dena. Zer gertatzen ari zaigun aztertzera garamatza krisi larri honek. Eta azterketa hori egingo dugu muga eta marko historiko zabal bat hartuta. 50 urteak atzera utzi ditugunok badakigu aurrerapen sozial jakin batzuk lortu izanak bere alde iluna ere izan duela, kultur eta auzo balioak galdu baitira, eta horrek bere eragina utzi du gure gaztaroan eta aurreko belaunaldi askorenean.

Garai bakoitzak izan du bere krisia, eta gure aurreko belaunaldiek ezagutu eta gainditu dute pobrezia eta gosea, gerrak, erbesteratzea eta emigrazioa. Arazo horien aurrean erraza izango zen erantzukizuna besteei leporatzea, edo denboran gauzak konponduko dituelakoan zain geratzea.

Krisi larriak jasan zituzten belaunaldi horiek, ordea, erantzukizunaren kulturan hezi gintuzten, zerbitzu erantzule bat ematearen alde gehiago, bezero gisa dugun eskubideaz baliatzearen alde baino. Izan ere, “burujabe izan” kontzeptuaren arabera, ezin dugu aske izan erantzule izan gabe.

Aurreko belaunaldi bakoitzak krisiaren aurrean bere galderak egin ditu, eta bere erantzunak eman ditu soluzioa aurkitzeko asmoz. Hori horrela izanik, zer egin behar dugu guk bizi dugun oraina eta datorkigun etorkizuna zein diren ikusita? Datorkigun kultura suntsikorraren aurrean, eguneratu egin nahi ditugu ezagutu ditugun eta urtetan eta urtetan norabidea aurkitzen lagundu diguten  balioak eta erreferenteak. Eguneratu nahi ditugu guretzat eta gure jendearentzat; gure seme-alabentzat; inoiz baino prestakuntza hobea duten gaur egungo gazteentzat.

Hori da, hain zuzen ere ‘Pyrenaeus Sarea’k egin nahi duen lana. Gure herria ez dago ezerezean. Euskal komunitatea bada zerbait, eta antzina-antzinatik txori baten moduan Pirinioen oinetan pausatzen da. Agirre lehendakariak esana da hori, eta euskaldunon orientazio naturala erakusten digu, Pirinioetara begira.

Etxea, auzoa, auzolana, herrigintza, burujabetza…, oraindik orain partaide gaituen euskal-piriniar kulturaren oinarriak dira horiek, beste aukera batzuen erasoaren aurrean tinko iraun zutenak, nahiz eta kontakizun kolektiboan lekua galtzen joan diren, “erabili eta bota” kulturaren eragina hedatzen joan den heinean.

Guk ere biharko kulturaren garapenean eragin nahi dugu. Ziurgabetasunaren aldean konfiantza jarri nahi dugu. Eta konfiantza aktiboa izango da, proiektu hau abian jartzeak eskaintzen duen aukerari abantaila aterako diona. Berreskuratu nahi ditugun ideia eta energia sortzaileetan inspiratu da gure proiektua. Iturri zaharretara itzuliko gara, oraindik ura darie eta. Hori da Ganbo Iturri  kultur elkarteak egin nahi duena “Pyrenaeus Sarea”ren bitartez.

 

1.- ERAKUNDEAK

Baztan. Auzoa ta etxeak. J.M Apezetzea

Piriniar esparruan eman diren ezaugarri komunetatik aitortuena, etxea eta auzoaren inguruan eratutako bizimodua.

Etxea eta Auzoa dira oinarrizko erakundeak. Piriniar Kulturaren osaera historikoan, Etxea eta Auzoa kontzeptuek hartzen duten funtsezko papera hedatu nahi dugu.

Etxea  

Etxea, ekonomia eta gizarte antolaketaren erdigunea da. Baita gaur ere.

Auzoa

Auzoaren baitan eratzen ziren etxeen arteko harremanak. Auzotasunak eskatzen zituen betekizunak, lankidetzaren bidez gauzatzen ziren. Egun, gizartearen nortasun horren tinkotasuna litzateke etorkizunaren bermerik sendoena.

 

2.- LANA

El Casino de Andosilla (Navarra) construido en auzolan

Etxea eta auzoa, bizi, elkarbizi eta lanari erantzuteko eraiki eta antolaturik daude. Lana, etxerako eta auzorako, bizi eta elkarbizitzeko.

Lanaren inguruan gogoetatzeko sortu dugu zutabe hau, lanaren baliotasun modernoa goraipatzeko.

 

3.- KULTURA

Piriniar herrialdetako kultur adierazpenak biltzen dituen txokoa.

 

4.- EKINTZAILEAK

Atal honetan Pyrenaeus Behatokian garatzen diren balioekin bat datozen ekimen profesionalak, enpresarialak, sozio-ekonomikoak eta sozio-kulturalak aurkeztuko ditugu. Balio hauetan oinarriturik arrakasta izan duten esperientziak, edo garai zailetan erronka eta aukera suposatzen dutenak.
Euskal atari honek proiektu hauen hedapena bultza eta erraztu nahi ditu Sareko komunikazio eta lanaz baliatuz. Piriniar inguruan balio hauetan oinarrituriko ekimen guztiak jasotzen saiatuko da