LANA, gure iraultza-bide
Categories: Goizargi aldizkaria, Lana
Gaztañaga’tar Jesus’ek idatzia, Goizargi aldizkarian, 1976ko maiatzaren 15ean:
Gizatasun eta askatasun miñez sortzen ari diran eskabideak zabalak eta astunak dira. Gure Erri osoak gertutu bearra sentitu bear du, aurreruntz, uka ezindako eskakizuneri erantzun aal izateko
Itzetik ortzera dabillen itza dugu «erreboluzioa» eguzkipean barrena. Atzerriko emaitz eta erbesteko landare zaigun ori, gure lurrean ere landatu ta itsatsi-erazi naiean dabiltza zenbait.
Lanean ezi gabeko, lanean zaildu gabeko aberaskume buru- berotuen bidez; eta «hippy» antzeko gazte gogaituen bidez; gosearen gosez gaixotuen bidez; lanik ezaren larriak txartuen bidez, ez-jakiñaren erre-sumiñez gaiztotuen bidez egin nai dan «iraultza» izeneko puskaketa ere zertarako dugu?
Egia da, bai, aspaldi ontan zenbait gauza goikoz beeratu dizkigutela: lurrak goldez iraultzen ditugun antzera, gizarteko zenbait gauza ere irauli egin dizkigute.
Ateratako ezurrak beren tokitara sartu bearra izaten dugun antzera, goikoz beeratu dizkigutenak ere beren egoera edo jarrerarik jatorrenera ekarriko baldin ba’ditugu, iraulien iraultza egin bearrean gertatzen gera.
Ez gosea ta ez asea, ez izkilluak eta ez puskaketa, ez ditzakegu artu gure aurrerapena, gizatasuna ta gure jatortasuna lortzeko bide ta tresnatzat.
Zein bide artu? LAN KIDE AURREZKIAK aitorpen egokia egiten du igazko bere Lan-Agirian:
«Gizatasun eta askatasun miñez sortzen ari diran eskabideak zabalak eta astunak dira. Gure Erri osoak gertutu bearra sentitu bear du, aurreruntz, uka ezindako eskakizuneri erantzun aal izateko».
Eta ortarako zer egin? Lanetik eta lanean ari diranengandik izan ezik, beste nondik eta nola lortu ezer garrantzizkorik?
«Lanean ari ez diranen lepotik ezer gutxi egin aal izango dugu… Ez dadukagu beste irtenbiderik: danok, naiz-eta bakoitzak apurtxo bana, geiago eldu lanari».
Baserriak ustu ta gutxitzen, arrantzaleak urritzen, erri txikiak erdi-utsik eta iltzen, erri aundiak betearen betez ito-zorian, gure errialdeak zatartzen. Eta… gu geienok diru-gose ta diru-egarriz, irabazpidea beste ametsik gabe.
«Ez al diñogu, bada, era guztietako lana egokia dala gizakiok gizagarritzeko, gizakiok elkarri laguntzeko, eta gizatasun eta askatasun-giro berritan Erri guztia eratu ta eratu aal izateko?» galdetzen du gure AURREZKI errikoiak.
«Gure euskotasun eta abertzaletasunak ezaugarri berriak bear dituzte, ta jokabide berrietara bultzatu bear gaituzte».
Jokabide berriak? Ona emen batzuk, esaten errazagoak egiten baiño:
«Euskotarrok geuk eta batez ere langilleok aurrerapide-miñez eta aurrera eroan bearrekoak dira, geure laguntzaz oiñarritzen ditugun eziketa, ikasketa e. a. Guztiok, berriz, egin ditzala gure gaztediak giza-aldaketa berriotan sakonago ta trebeago parte arturik».
Ondorengo aitorpen auek ere naiko berriak gertatzen dira gaurko giroan: «Gure nortasun eta askatasunaren oiñarririk sendoenak, lanean eta lanaren bidez datozkigula, onirizten dugunok, lana erosotu bear dugu».
«Ikasleek orduren batzuetan lan dagiela lanbideren batean… Gure erriotako ume, gazte, emakume ta zerbait egin aal dagikean guztiak ere egin dagiala, gure Erri maitearen askatasun eta nortasun-izpi berriz mundu zabalean ikusi ta ezagutu aal gaitzaten».
Orra, beraz, okerrera iraulitakoen iraultza jatorra egiteko ez ezik, baita euskaldunok geureago dugun errigintza burutzeko bide egokia.
Errigintza burutzeko, jakiña, etengabeko borroka egin bear. Ori guztia adierazteko badu euskaldunak itz berezi bat: JAREIN. Eta orren bidez lortzen dana, berriz, JAREINTZA.
No comments yet.